domingo, 10 de octubre de 2010

3.ekarpena: Los profesores madrileños tendrán más autoridad en las aulas desde marzo
(Libertad digitalen argitaratutako artikulua 2009ko azaroaren 26an)

Azken boladan, maiz entzuten dira bortizkeria kasuak klaseetan: irainak, jipoiak, mespretxuak...eta ikasleen artean ez ezik ikasle irakasleen artean areagotu dira. Egoera hauek jasanezin bihurtu dira ikastetxe batzuetan eta irakasleek, neurriak hartu behar zirela eta, politikoengana jo dute autoritate ofiziala lortzeko asmoz. 

Madrilen, lortu dute irakasle batzuk bilatzen zuten babes legal hori, baina horrekin desagertzen al da bortizkeria ikasgeletatik? Neurri hau, arazo handi bati partxe txiki bat ezartzea bezalakoa da. Irakasleak autoritate gehiago izanda ez da jatorrian dagoen arazoa konpontzen, horretarako hezkuntza sistema osoa aldatu behar da eta noski, errazagoa da irakasleei babes legala ematea hezkuntza sistema osoa aldatzea baino. 

Baina jabetzen al gara hezkuntzak duen garrantziaz etorkizunerako? Zer nolako gizartea sortu nahi da? Hezkuntza egoki batek izugarrizko garrantzia du, etorkizuneko gizon emakumeak hezten dituen neurrian eta horretarako, beharrezkoak dira bokaziodun irakasleak, hezkuntzaren garrantziaz jabetzen diren irakasleak.
Autoritatea indartu beharrean, ikasleengana hurbildu beharko litzateke, hezkuntza prozesuan beraien gida izan eta ez oraindik gehiago urrundu.
Argi dago kasu batzuk oso mingarriak direla, baina azken finean, ikasle gatazkatsu horiek, hezkuntza, familia eta gizarte osoaren biktimak dira, nahiz eta beraiek kontrakoa pentsatu.

Beraz, arreta handiagoa jarri behar da hezkuntzan, txiki txikitatik adimen emozionala landuz ,etorkizunean ikasle mentalki osasuntsu batzuk izateko.



4. ekarpena: Etorkinen seme-alabak eskolan: zer aldatzen ari da? 
(Hik hasi aldizkarian argitaratutako artikulua, 2010eko urtarrileko alean)

Azken urteetan gizartea izugarri aldatu dela ez du inork zalantzan jartzen eta zer esanik ez irakaskuntza mundua.  Urte gutxiren barruan gizarteak pairatu dituen aldaketak ugariak izan dira: teknologia berrien aurrerapena, familia ereduen aldaketa, gatazka berrien agerpena, metodologia berrien ezarpena, etorkin kopuruaren igoera...

Argi gelditzen da aldaketa guzti hauek eragin zuzena izan dutela hezkuntza sisteman, baina artikuluaren harira, etorkin uholdearen garrantzia izango da orain aztergai. Izan ere, etorkinen seme-alabak eskoletan, puri purian dagoen gaia da eta guztien lana eskatzen duena (irakasle, familia, hezkuntza sistema, gizartea,...), horregatik, kontuan izatea merezi du, azken finean, gizartearen partaide dira eta etorkizuneko gizartearen parte izango baitira.

Nahikoa da kaletik paseotxo bat ematea etorkin kopuruaren hazkundeaz jabetzeko, baina etorkinez hitz egiten dugunean etorkin mota "ezberdinekin" egiten dugu topo. Etorkin batzuk zailtasun handiagoak dituzte (ekonomikoak, linguistikoak, sozialak,...) gizartean integratzeko eta hori, irakaskuntzan ere islatzen da. Hor hasiko litzateke irakasle baten erronka. 

Arestian aipatu bezala, gizarte osoaren lana eskatzen du baina irakaslearen papera ezinbestekoa da. Irakasleak, lehenengo, familiaren egoeraren berri izan beharko luke eta modu indibidualean jokatu, haur bakoitzaren egoera oso desberdina izan daiteke eta. Haurrak, gainontzeko haurrekin egon beharko lirateke ikasgelan, inongo bereizketarik egin gabe, integrazio prozesua hobesteko, beti ere, irakaslearen babesarekin.
Irakasleak, gurasoekin ere paper garrantzitsua jokatzen du.

Esan bezala, haur bakoitzaren egoera oso desberdina izan daiteke eta beraz, irakasleak, ez du formula bakarra izango guztientzat, hori izango da  bere lana. Prestakuntza eta baliabide egokiak bilatu haurrari bere gaitasunak garatzen laguntzeko. 

Azken finean, hori izango litzateke irakasle on baten eginkizuna.




sábado, 9 de octubre de 2010

MAPA KONTZEPTUALA

Bistaratu

GALDETEGIA

1.- Zer egin behar du irakasle batek klaseko gatazkak konpontzeko?


1.- JUSTIFIKAZIOA
Esaten da orain zigorren ordez ondorioak daudela, adimen emozionala lantzen dela   eskolan eta ikastaroak ere antolatzen dituztela honen inguruan irakasle eta baita gurasoentzat ere. Garai batean zigortu egiten zen gatazkarik sortuz gero eta adimen emozionalari buruz ez zen hitz egiten.
Guzti honek kuriositatea piztu dit eta gaiaren inguruan aztertzea pentsatu dut. Egia esan ez nekien oso ongi nondik hasi, adimen emozionaletik? Gatazken konponbidetik? Edo hainbestetan agertzen den Elkarbizitzatik?
Gaia zertxobait zehaztearren eta bata besteari hertsiki lotua dagoela ikusirik Gatazken Konponbidearen inguruan lan egiten hastea erabaki dut. Ea garai bateko zigorren ordez zer dabilen bueltaka egungo ikastetxeetan. Gaiak interesa eta kuriositatea pizten dit. 
Jarraian, Gatazken Konponbidera gerturatze bat egingo dut eta bertan besteak beste, irakasleek zer nolako papera edo funtzioa duten aztertzera pasako naiz.


2-     SARRERA

Orokorrean, eskola arloan, gatazka, eskola arauen haustearekin lotzen bada ere (honek zigorra ekarriko du), ez da beti honela izaten. Askotan arazoak, hezkuntzako partaide ezberdinen arteko erlaziotik sortzen dira eta ez da zilegi zigortzea, hau da, gatazka argitu eta ondoren soluzioak emateko baldintzak sortzean datza, gatazken konponbidea eta guzti honetan irakaslearen funtzioa oso garrantzitsua da.
Gatazka egoera baten aurrean, trebetasun bat baino gehiago jartzen dira jokoan: autoerregulazioa, kontrola, elkarrizketa, enpatia, sormena… besteak beste.
Trebetasunek, jarrerek, portaerek, zeinak norberak bereganako eta besteenganako duen errespetuan oinarritzen diren, gatazka egoerak gainditzeko berebiziko garrantzia dute.

3.- DEFINIZIOA

Ezin uler daiteke Gatazken Konponbidea, Elkarbizitza egoki gabe, ez eta Adimen Emozionala albo batera utziaz ere. Elkarbizitza egoki batek (elkarbizitzaz ikastetxeko partaide ezberdinen arteko harreman egokia, ona, ulertuaz) gatazkak zuzen bideratzera eramango gaitu eta aldi berean, txikitatik adimen emozionala lantzeak, gatazken aurrean gure emozioen jabe izanez, gatazkari erantzun egokiago bat ematera eramango gaitu.
Baina goazen aukeratutako gaia definitzera. Argi dago gure bizi etapan gatazka ezberdinak izaten ditugula, gatazkak gure bizitzaren parte dira, ezin ditugu ekiden baina ikas genezake beraiei nola aurre egin, ikas genezake beraiekin bizitzen.
Baina zer ulertzen dugu gatazkaz? Eta gatazken konponbideaz?

a)      Zer da Gatazka bat?
Gatazka, bi edo pertsona gehiagoren interes edo postura kontra jartzen diren egoera da, zeinaren ondorioz, beraien arteko hartu-emanak neurri ezberdinetako kalteak jasan ditzakeen.
Pertsona bat gertuagoko sentiarazten diguten emozio eta sentimendu berek, sor dezakete beste bat baztertu nahi izatea, harreman txar bat sortuaz.
Gatazkak ekidin ezinak dira, baina gehienak kudeatu eta konpon daitezke.

b)      Zer ulertzen da Gatazken Konponbide egokiaz?
Laburbilduz, Gatazken Konponbide egokia zera dela esango genuke; gatazkak konpontzeko pertsonen benetako nahia eta interesa. Guzti honek berarekin dakar:
-    Gatazkak argitara ateratzea.
-     Partaide ezberdinen interes ezberdinak kontuan hartzea.
-     Denen onuragarri izango den irtenbide batera iristeko, bakoitza bere aldetik soka pixka  bat lasaitzeko  prest egotea.
Gatazken konponbide baketsu batek, soluzio egoki batera iristeko bidean partaide guztien eskubide eta aukera ezberdinak onartzea dakar, beraien arteko harremana berreraikiz eta posible den kasuetan konponduaz.

c)      Gatazkan eragiten duten aldagai ezberdinak:
Gatazkaren protagonistez gain, besteak beste honako aldagai hauek identifika genitzake:
-   Bigarren mailan dauden, baina gatazkarekin zerikusia duten, bigarren mailako pertsonak.
- Partaide ezberdinen artean dagoen botere harremana, zeina parez-parekoa edo menpekotasunekoa izan daiteke.
-   Arazoarekiko bakoitzak duen pertzepzioa.
-   Partaide bakoitzaren emozio eta sentimenduak.
-  Partaide bakoitzaren interes eta beharrak gatazka konpontzeko orduan (pentsatzeko denbora gehiago uztea, momentuan ez hitz egin nahi izatea,…).

     4.- ESKOLA TESTUINGURUA

Lan honetan behin baina gehiagotan aipatu da, gatazka bizitzaren parte dela eta elkarte eta   giza harremanetan presente dagoela etengabe. Gatazka ez bada ongi bideratzen indarkerian buka lezake, baina gakoa ez da gatazka bera, gakoa, gatazkak konpontzeko erabiltzen diren estrategietan dago.
            Kontuan izanik gatazkak giza aniztasunaren ondorioz sortzen direla (interes eta nahi ezberdinak elkartzen diren gunea da), ez da harritzekoa eskola testuinguruan, bertan dagoen aniztasuna kontuan izanik, maiz gertatzea.  Helburua modu egoki batean bideratzea da eta ez sarri egin ohi den bezala, modu bortitzak erabiliz, hala nola, irainak, mehatxuak, indarkeria fisikoa erabiliz e.a. Gatazkak konpontzeko edo bideratzeko estrategia egokirik ez izateak, zaildu egiten du gatazkak behar bezala bideratzea. Testuinguru eskolarra zein familiarra, marko ezin hobeak dira irtenbide egoki baterako estrategia kooperatiboak lantzeko.
Badira gatazkak konpontzeko hainbat eredu tradizionaltzat jo daitezkeenak, hala nola, autoritate eredua, negoziazio eredua, botere eredua, koalizio eredua, kontsentsu eredua eta azkenik uko eredua, zeinak gatazka txarra dela eta ekidin egin behar dela dioen.
Konponbide hauek islatzen diren honako aurkezpen hau interesgarria da:



Irakasle batek, gatazka bati konponbidea eman  nahi dion unean, kontuan izan behar du, helburua alderdi ezberdinen harremana hobetzeak izan behar duela, honen bidez bakoitzak bere nahi eta interesak bete ditzan. Horretarako, hasieran aipatutako eredu horiek ez dira baliagarriak, ez baitute irakasleak izan behar duen helburu nagusia betetzeko balio. Helburu hau betetzeko badaude eredu alternatibo ezberdin batzuk. 

Adibidez, BITARTEKARITZA, zeinak aukera ematen du indarkeria eskatzen duten estrategiak albo batera utzi eta denen onerako izango diren beste bitarteko batzuk erabiltzea. Bitartekaritzan, gatazkan inplikatuta dauden partaideak, bitarteko lanak egingo dituen 3.pertsona baten bidez, boluntarioki iritsi behar dute denentzat onuragarri izango diren akordioetara. Ondorioz, bitartekaritzan partaide ezberdinak hartzen dute parte, alde batetik gatazkan inplikatutako pertsonak eta bestetik bitartekaria. Bitartekaritza teknika akordioak lortzera eta partaideen arteko harremanak mantentzera bideraturiko prozesu baketsu bezala ikusten da. Guzti honek eskola testuinguruan berebiziko garrantzia du, elkarbizitza egoki batek ikaskuntza ere erraztu egiten baitu.

Guzti honetan bitartekaritza lanak egingo dituen pertsonaren (irakasleen funtzioaz ari garenez kasu honetan irakaslea izango da baina aipatu beharra dago  ikasleak ere formatu litezkeela bitartekari lanak egiteko) papera, funtzioa oso garrantzitsua da. Bere lana izango da partaideak elkar komunikatzea eta baita lortu nahi diren akordioak eman ahal izateko elkar ulertzea.
Inolaz ere ez du esku hartuko erabakiak hartzen, bere lana erabakietara iristeko prozesua erraztea izango da.
Hona hemen bitartekariaren funtzioak:
- Ez du bere gain hartu behar gatazka eraldatzeko ardura.
- Parte ezberdinen interes ezberdinak identifikatzen laguntzen du.
- Elkar ulertzen laguntzen du.
- Konfiantza giroa sortzen laguntzen du.
- Erabaki edo akordioetara iristeko prozedurak proposatzen ditu.
- Ez du epairik egiten inoren alde.
- Harturiko akordioek eraginik izan duten aztertu behar du, parteen arteko erlazioa obeagotu den ikusi,zuzenean galdetu etab…eta horren arabera balorazioa bat egin, behar izanez gero berriro bitartekaritza hasiaz.

            Baina noski, estrategia berriak erabili ahal izateko, ezinbestekoa zaigu gatazkei aurre egiteko gure baliabide eta gaitasun propioak zeintzuk diren ezagutzea eta noski guzti honetan irakasleak duen funtzio garrantzitsuena, ikasleei dituzten gaitasun horietatik abiatuz estrategia alternatibo berriak eskaintzea da.
Bitartekaritzaren adibide gisa bideo bat:






5- HAUSNARKETA
            Gai honi buruz informazioa bilatzen hasi eta pixkanaka-pixkanaka nire hasierako zalantzak argitzen joan dira. Orain zertxobait garbiago dut gaur egungo hezkuntza sistemaren planteamendua gatazken aurrean eta are garrantzitsuagoa dena, aldaketaren zergatia eta bertan irakasleek duten funtzio edo arduren berri ere zertxobait gehiago badakit.
Bizitzan zehar gatazka ezberdinak bizi ditugu, gatazka hauek bizitza ziklo osoan presente daudelarik (gustatu ala ez), beraz berebiziko garrantzia du gatazka hauek modu egoki batean bideratzen jakiteak, hezkuntza lanean ari delarik prozesu horretan ikasleak bitarteko egokiez hornitzeko. 
Lan honen hasieran aipatu nuen Elkarbizitza eta Adimen Emozionala behin eta berriz agertzen direla Gatazken Konponbidearen ondoan, bada, lana amaitzera noan honetan garbi ikusten dut zergatia. Hirurak batera doaz, gatazka baten aurrean emozioak ageri dira eta horiek ongi kudeatzea eta behar bezala besteen aurrean azaltzea beharrezkoa da. Bestetik elkarbizitza egoki batek bere baitan darama gatazken kudeaketa egokia eta guztiak, eskola giro atsegin batera eramango gaitu, ikaskuntza erraztuz.
            Aipatu nahiko nuke gatazken konponbidean irakasleak duen funtzioa, bere lana ez da gatazka agertzean hasten, aurretik ere lan egin beharra dago, txiki-txikitatik adimen emozionala landuz (emozioak identifikatu, izena jarri eta besteen aurrean hauen berri emanez) eta eskolako elkarbizitza zainduaz. Bestetik gatazka baten aurrean, nire garaitik hona gauzak asko aldatu dira, gatazka konpontzea ez da gertaera konkretu bati soluzioa momentuan ematea (lehen zigorra ezartzea edo errudun bat bilatzea zena), gatazka baten atzean zer egon litekeen, zergatia ikusten, hau da, argitara ateratzen saiatu behar da, baina irakaslea ezin liteke inolaz ere protagonista izan. Irakaslea prozesua bideratu eta elkar komunikatzera iristeko bitartekari bat da, medioak jarri behar ditu partaide ezberdinak lasai adierazi eta denen nahi eta interesak kontuan hartuz gatazkako protagonistak akordio batera irits daitezen (berak ez du hartuko azken erabaki edo akordioa).
            Amaitzeko esan, gatazkak konpondu baino eraldatzea dela bidea, gatazkekin bizi gara, gakoa, gatazka horiek nola bizi ditugun da. Denon nahi eta interesak betez, elkarbizitza egoki bat sustatzea da helburua.

viernes, 8 de octubre de 2010

2.- Zein da irakasle baten lana  adimen emozionala lantzen den ikastetxe batean?

Adituek behin eta berriro aipatzen dute gizakiaren garapenean eta egunerokotasunean adimen emozionalak duen eragina, baina zer da adimen emozionala?

Adimen emozionalaren kontzeptua orain dela hamarkada bat baino ez zen egin ezaguna gure gizartean, eta Daniel Goleman-en lanarekin hedatu zen. Adimen emozionalaren kontzeptuak geure berezko sentimenduak eta gainontzekoenak onartzeko, geu motibatzeko eta geure buruarekin nahiz gainontzekoekin ditugun erlazioak egokiro kudeatzeko gaitasunari egiten dio erreferentzia.

Goleman-en hitzetan adimen emozionala horrela defini daiteke: "norbere buruaren zein beste inoren sentimenduak antzemateko gaitasuna, geure burua motibatzeko, harremanak era egokian menpean edukitzeko trebetasuna, bai eta emozioak sentitzeko, ulertzeko, kontrolatzeko eta aldatzeko gaitasuna ere. Barnekoak diren arlo psikologikoak ongi aztertzeko eta ezagutzeko gaitasunari dagokio adimen emozionala; hau da, nor bere buruaren bizitza emozionalean murgiltzea, sentimenduak aztertzea, horiek bereizten jakitea, sentimendu horiei izena jartzea, eta jarrera-gida moduan erabiltzea. Adimen emozionala pertsonarteko adimena ere bada; hau da, egoki erlazionatzeko gaitasuna."
Adimen emozionala kontzeptua oso berria da adimen kozientearekin alderatzen bada. Azken honen ikerketan ehunka pertsona hasi ziren ia orain dela mende bat. Haren ikerketak eta aplikazioak batez ere adimen akademikora zuzenduta egon dira. Nahiz eta ikerketa asko gauzatu, batek, bizitzan aurre egin behar dituen zailtasun eta aukera ugarietarako prestakuntzarik ez du eskaintzen.

Adimen koziente altua edukitzeak ez du ezer konpontzen eta prestigio eta zoriontasun bermerik ere ez du ematen. Hala ere, eskolan gaitasun akademikoen garapenari garrantzia ematen jarraitzen zaio, eta askotan adimen emozionalaren garapenaren kaltetan.

Era berean, ezin uka daiteke bizitza emozionala irmotasun handiagoz edo gutxiagoz garatu eta finkatu daitezkeen trebetasunez osatua dagoela. Horren nagusitasunak mugatuko du bizitzan aurrera egitea edo geldirik geratzea (nahiz eta adimen maila handiagoa izan) eragiten duen motibo nagusia.

Adimen eskuduntzak helburu trebezia bat eratzen du eta horrek mugatzen du baten gaitasun guztiak zenbateraino menperatuko ditugun.

Adimen emozionala sentimenduen, nortasunaren eta bulkada moralaren lotura bihurtzen da. Ezin da ahaztu bulkada emozioaren ibilgailua dela eta bulkada guztien funtsa ekintza bultzatzen duen sentimendu hedakorrean dagoela.

Autokontrolik ez duten pertsonak eta bulkaden menpe daudenak urritasun moralean murgildurik egoten dira. Izan ere, bulkadak kontrolatzeko gaitasunak borondatearen eta nortasunaren funtsa islatzen du, neurri batean.

Adimen emozionalak bost gaitasun esparru lantzen ditu: kontzientzia emozionala, erregulazio emozionala, autonomia emozionala, gaitasun sozio-emozionalak eta bizitzarako trebetasunak. Gaitasun bakoitzak trebetasun asko ditu lantzeko, eta horiek guztiak sailkatuta daude. Ondoren, trebetasun horiek jarduera edo teknika zehatzen bidez lantzen dira.






Erreportaia osoa ikusteko sakatu hemen

Prozesu horretan, oso garrantzitsua da irakaslearen eredua. Irakasleak berak izan behar du emozionalki adimentsua, haur horientzako eredu garrantzitsuena hura delako. Beraz, irakasleen lehenengo betebeharra formakuntza egokia jasotzea da, indarguneak bilatuz eta ikuspegi baikorra ateraz. Askotan entzuten da hau oso kaxkar dabil, beste hau ez dakit nola eta horrelakoak... Oso gauza naturalak izaten dira irakasleen artean, baina, beraien hizkuntza ere poliki-poliki aldatzen joan behar da. Hizkuntza aldatzen doazen neurrian, ziur ikasleari izugarri lagunduko diotela. Bestalde, ikasleari beste modu batean begiratzen ere ikasi behar dute . Ezin dute, soilik, hau edo bestea egin du esan. Zergatik egin duen pentsatu behar dute, bere lekuan jarri behar dute eta izan duen erreakzio horretarako zergatiak hausnartu. Horrela jokatuz, beraien erreakzioa ikaslearekiko ezberdina izan daiteke. Horregatik, ikasleekin enpatia landu baino lehen, beraien artean jarri behar dute praktikan.

Irakasle batek ongi ezagutu behar ditu bere ikasleak; zer daukaten amankomunean, zeintzuk diren beraien "puntu  fuerteak" , zeintzuk diren dituzten berezitasunak. Ikasleari entzun egin behar dio.

Irakasleak haurrari emozioak kanporatzen eta kudeatzen lagundu behar dio, egoera desberdinen aurrean bide egokia hartzeko gai izan dadin bere kabuz. 

Emozioa oinarri hartuta, beste guztia eraikitzea da gakoa, jokabide gehienak emozioetan oinarritzen dira eta. Zergatik izaten da gauzekiko ikuspegi bat edo bestea? Horren oinarrian ere emozioak daude. Horregatik ematen du lan handia autokontzientziaren gaiak. Horrekin etorriko delako beste guztia.
(Informazioa Hik hasi aldizkaritik jasoa, Tolosako Laskorain ikastolako irakasleei egindako elkarrizketatik)
Tolosako Laskorain ikastolak hiru urte daramatza proiektu honetan murgilduta, adimen emozionala lantzen , alegia. Jarraian  ikastolako irakasle bati  egindako elkarrizketa izango da entzungai.

jueves, 7 de octubre de 2010

Adimen emozionalaren garrantzia ikaslearen garapenean Karmele andereñoa

Gipuzkoako zenbait ikastetxetan adimen emozionalaren garrantziaz jabetuta, aurrera pausu bat ematea erabaki dute.

3.- Zein da irakaslearen funtzioa eskola anarkista batean?


Eskola anarkista batean parte hartu nahi duen irakasle orok, analisi, gogoeta eta autokritika sakon bat egin behar du (barne erreboluzio moduko bat) bere barnetik konpetibitatea ezaba dezan eta imajinazio, sormen eta gogoetari tokia utziz. Behien pauso hori emanik, irakasle baten zereginak anitzak dira, hala nola:

-Ikasle bakoitza, bere borondatez, bere burua hezteko gai izaten laguntzen du irakasleak.

-Irakasleak ez du arau edo metodo jakin bat aplikatu behar, gaizki egitearen bitartez ikasten dela irakatsi behar du.


-Irakasleak ikasleari erraztasunak eman behar dizkio bere ikasketa prozesua berak bizi dezan, ikasle bakoitzari berea, eta ikasle bakoitzaren arabera.

-Irakasleak mugitzeko, aukeratzeko, erabakiak hartzeko eta erlazionatzeko askatasuna emango die ikasleei, askatasun aukera hauek adinaren arabera eta ikaslearen heldutasunaren arabera hartuz joango dira. Horretarako ariketak bultzatuko ditu, txikienen kontradikzio, blokeo, dependentziak etab. erabiliz material didaktiko bezala.

-Irakasleak informazioa bultzatuko du, ez erantzunik, ikasleak arrazoitze bidearen bidez soluzio logiko batetara hel daitezen.

-Irakasleak ikaslearekin egon behar du, ez ikaslearentzat.

-Ikaslearen erantzukizunak eta askatasuna garatzeko, ikaslearen beharrak ustiatzea komeni da, kanpoko erantzunekin ito gabe, ikasleari bere bidea egin dezan utziz.

-Ikasleek barneko kuriositate, potentziala eta ezagutzen ez dituzten esperientziak bizitzen lagundu beharko die irakasleak.

-Ez du ikaslearekin identifika behar, ezta ikaslearen desio eta eskakizunetara makurtu behar ere. Irakasleak ikaslearen sentimendu eta beharrak ulertzen  jakin behar du eta kurtsoan zehar sortzen diren tentsioak ezeztatzeko gai izan behar du.

-Naturaltasunez jokatzen irakatsi behar die ikasleei beren erlazioetan.

-Ez da irakaslearen lana ikasleak lortutako askatasun maila neurtzea, horretarako ikaskideak daude.

-Irakasleak ez du autoritatea ezarri behar, arazoak asanblean hitz eginez konpontzen saiatuko da. Horretarako errespetua, parte-hartzea, entzun eta erantzuten jakitea, asanbladako erabakiak onartzen jakitea etab. bultzatuko  du. Asanbleatan gutxiengoak errespetatzen ere irakasten da, beti ez baitu gehiengoak irtenbide edo erantzunik zuzenena.

-Ikasle bat mundu bat denez, irakasleak gai izan behar du metodologia aldaketa azkar bat egiteko ikasletik ikaslera, hau da, ez du bide edo estrategia bakar bat segitu behar, malgutasunez jokatu behar du eta erabakiak azkar hatzen jakin.

-Joko kooperatiboak bultzatuko dira, hau da, elkarren artean konpetibitatea bultzatzen ez duten jokoak.



1935 - 1950. urteen artean Argentinan (Rosario iparraldean) funtzionatu zuen SERENA ESKOLAri buruzko bideo interesgarria:



Irakasle izateko ikusi beharreko bideoa: ikasleak irakasleari gutuna: