sábado, 9 de octubre de 2010

GALDETEGIA

1.- Zer egin behar du irakasle batek klaseko gatazkak konpontzeko?


1.- JUSTIFIKAZIOA
Esaten da orain zigorren ordez ondorioak daudela, adimen emozionala lantzen dela   eskolan eta ikastaroak ere antolatzen dituztela honen inguruan irakasle eta baita gurasoentzat ere. Garai batean zigortu egiten zen gatazkarik sortuz gero eta adimen emozionalari buruz ez zen hitz egiten.
Guzti honek kuriositatea piztu dit eta gaiaren inguruan aztertzea pentsatu dut. Egia esan ez nekien oso ongi nondik hasi, adimen emozionaletik? Gatazken konponbidetik? Edo hainbestetan agertzen den Elkarbizitzatik?
Gaia zertxobait zehaztearren eta bata besteari hertsiki lotua dagoela ikusirik Gatazken Konponbidearen inguruan lan egiten hastea erabaki dut. Ea garai bateko zigorren ordez zer dabilen bueltaka egungo ikastetxeetan. Gaiak interesa eta kuriositatea pizten dit. 
Jarraian, Gatazken Konponbidera gerturatze bat egingo dut eta bertan besteak beste, irakasleek zer nolako papera edo funtzioa duten aztertzera pasako naiz.


2-     SARRERA

Orokorrean, eskola arloan, gatazka, eskola arauen haustearekin lotzen bada ere (honek zigorra ekarriko du), ez da beti honela izaten. Askotan arazoak, hezkuntzako partaide ezberdinen arteko erlaziotik sortzen dira eta ez da zilegi zigortzea, hau da, gatazka argitu eta ondoren soluzioak emateko baldintzak sortzean datza, gatazken konponbidea eta guzti honetan irakaslearen funtzioa oso garrantzitsua da.
Gatazka egoera baten aurrean, trebetasun bat baino gehiago jartzen dira jokoan: autoerregulazioa, kontrola, elkarrizketa, enpatia, sormena… besteak beste.
Trebetasunek, jarrerek, portaerek, zeinak norberak bereganako eta besteenganako duen errespetuan oinarritzen diren, gatazka egoerak gainditzeko berebiziko garrantzia dute.

3.- DEFINIZIOA

Ezin uler daiteke Gatazken Konponbidea, Elkarbizitza egoki gabe, ez eta Adimen Emozionala albo batera utziaz ere. Elkarbizitza egoki batek (elkarbizitzaz ikastetxeko partaide ezberdinen arteko harreman egokia, ona, ulertuaz) gatazkak zuzen bideratzera eramango gaitu eta aldi berean, txikitatik adimen emozionala lantzeak, gatazken aurrean gure emozioen jabe izanez, gatazkari erantzun egokiago bat ematera eramango gaitu.
Baina goazen aukeratutako gaia definitzera. Argi dago gure bizi etapan gatazka ezberdinak izaten ditugula, gatazkak gure bizitzaren parte dira, ezin ditugu ekiden baina ikas genezake beraiei nola aurre egin, ikas genezake beraiekin bizitzen.
Baina zer ulertzen dugu gatazkaz? Eta gatazken konponbideaz?

a)      Zer da Gatazka bat?
Gatazka, bi edo pertsona gehiagoren interes edo postura kontra jartzen diren egoera da, zeinaren ondorioz, beraien arteko hartu-emanak neurri ezberdinetako kalteak jasan ditzakeen.
Pertsona bat gertuagoko sentiarazten diguten emozio eta sentimendu berek, sor dezakete beste bat baztertu nahi izatea, harreman txar bat sortuaz.
Gatazkak ekidin ezinak dira, baina gehienak kudeatu eta konpon daitezke.

b)      Zer ulertzen da Gatazken Konponbide egokiaz?
Laburbilduz, Gatazken Konponbide egokia zera dela esango genuke; gatazkak konpontzeko pertsonen benetako nahia eta interesa. Guzti honek berarekin dakar:
-    Gatazkak argitara ateratzea.
-     Partaide ezberdinen interes ezberdinak kontuan hartzea.
-     Denen onuragarri izango den irtenbide batera iristeko, bakoitza bere aldetik soka pixka  bat lasaitzeko  prest egotea.
Gatazken konponbide baketsu batek, soluzio egoki batera iristeko bidean partaide guztien eskubide eta aukera ezberdinak onartzea dakar, beraien arteko harremana berreraikiz eta posible den kasuetan konponduaz.

c)      Gatazkan eragiten duten aldagai ezberdinak:
Gatazkaren protagonistez gain, besteak beste honako aldagai hauek identifika genitzake:
-   Bigarren mailan dauden, baina gatazkarekin zerikusia duten, bigarren mailako pertsonak.
- Partaide ezberdinen artean dagoen botere harremana, zeina parez-parekoa edo menpekotasunekoa izan daiteke.
-   Arazoarekiko bakoitzak duen pertzepzioa.
-   Partaide bakoitzaren emozio eta sentimenduak.
Partaide bakoitzaren interes eta beharrak gatazka konpontzeko orduan (pentsatzeko denbora gehiago uztea, momentuan ez hitz egin nahi izatea,…).

     4.- ESKOLA TESTUINGURUA

Lan honetan behin baina gehiagotan aipatu da, gatazka bizitzaren parte dela eta elkarte eta   giza harremanetan presente dagoela etengabe. Gatazka ez bada ongi bideratzen indarkerian buka lezake, baina gakoa ez da gatazka bera, gakoa, gatazkak konpontzeko erabiltzen diren estrategietan dago.
            Kontuan izanik gatazkak giza aniztasunaren ondorioz sortzen direla (interes eta nahi ezberdinak elkartzen diren gunea da), ez da harritzekoa eskola testuinguruan, bertan dagoen aniztasuna kontuan izanik, maiz gertatzea.  Helburua modu egoki batean bideratzea da eta ez sarri egin ohi den bezala, modu bortitzak erabiliz, hala nola, irainak, mehatxuak, indarkeria fisikoa erabiliz e.a. Gatazkak konpontzeko edo bideratzeko estrategia egokirik ez izateak, zaildu egiten du gatazkak behar bezala bideratzea. Testuinguru eskolarra zein familiarra, marko ezin hobeak dira irtenbide egoki baterako estrategia kooperatiboak lantzeko.
Badira gatazkak konpontzeko hainbat eredu tradizionaltzat jo daitezkeenak, hala nola, autoritate eredua, negoziazio eredua, botere eredua, koalizio eredua, kontsentsu eredua eta azkenik uko eredua, zeinak gatazka txarra dela eta ekidin egin behar dela dioen.
Konponbide hauek islatzen diren honako aurkezpen hau interesgarria da:



Irakasle batek, gatazka bati konponbidea eman  nahi dion unean, kontuan izan behar du, helburua alderdi ezberdinen harremana hobetzeak izan behar duela, honen bidez bakoitzak bere nahi eta interesak bete ditzan. Horretarako, hasieran aipatutako eredu horiek ez dira baliagarriak, ez baitute irakasleak izan behar duen helburu nagusia betetzeko balio. Helburu hau betetzeko badaude eredu alternatibo ezberdin batzuk. 

Adibidez, BITARTEKARITZA, zeinak aukera ematen du indarkeria eskatzen duten estrategiak albo batera utzi eta denen onerako izango diren beste bitarteko batzuk erabiltzea. Bitartekaritzan, gatazkan inplikatuta dauden partaideak, bitarteko lanak egingo dituen 3.pertsona baten bidez, boluntarioki iritsi behar dute denentzat onuragarri izango diren akordioetara. Ondorioz, bitartekaritzan partaide ezberdinak hartzen dute parte, alde batetik gatazkan inplikatutako pertsonak eta bestetik bitartekaria. Bitartekaritza teknika akordioak lortzera eta partaideen arteko harremanak mantentzera bideraturiko prozesu baketsu bezala ikusten da. Guzti honek eskola testuinguruan berebiziko garrantzia du, elkarbizitza egoki batek ikaskuntza ere erraztu egiten baitu.

Guzti honetan bitartekaritza lanak egingo dituen pertsonaren (irakasleen funtzioaz ari garenez kasu honetan irakaslea izango da baina aipatu beharra dago  ikasleak ere formatu litezkeela bitartekari lanak egiteko) papera, funtzioa oso garrantzitsua da. Bere lana izango da partaideak elkar komunikatzea eta baita lortu nahi diren akordioak eman ahal izateko elkar ulertzea.
Inolaz ere ez du esku hartuko erabakiak hartzen, bere lana erabakietara iristeko prozesua erraztea izango da.
Hona hemen bitartekariaren funtzioak:
- Ez du bere gain hartu behar gatazka eraldatzeko ardura.
- Parte ezberdinen interes ezberdinak identifikatzen laguntzen du.
- Elkar ulertzen laguntzen du.
- Konfiantza giroa sortzen laguntzen du.
- Erabaki edo akordioetara iristeko prozedurak proposatzen ditu.
- Ez du epairik egiten inoren alde.
- Harturiko akordioek eraginik izan duten aztertu behar du, parteen arteko erlazioa obeagotu den ikusi,zuzenean galdetu etab…eta horren arabera balorazioa bat egin, behar izanez gero berriro bitartekaritza hasiaz.

            Baina noski, estrategia berriak erabili ahal izateko, ezinbestekoa zaigu gatazkei aurre egiteko gure baliabide eta gaitasun propioak zeintzuk diren ezagutzea eta noski guzti honetan irakasleak duen funtzio garrantzitsuena, ikasleei dituzten gaitasun horietatik abiatuz estrategia alternatibo berriak eskaintzea da.
Bitartekaritzaren adibide gisa bideo bat:






5- HAUSNARKETA
            Gai honi buruz informazioa bilatzen hasi eta pixkanaka-pixkanaka nire hasierako zalantzak argitzen joan dira. Orain zertxobait garbiago dut gaur egungo hezkuntza sistemaren planteamendua gatazken aurrean eta are garrantzitsuagoa dena, aldaketaren zergatia eta bertan irakasleek duten funtzio edo arduren berri ere zertxobait gehiago badakit.
Bizitzan zehar gatazka ezberdinak bizi ditugu, gatazka hauek bizitza ziklo osoan presente daudelarik (gustatu ala ez), beraz berebiziko garrantzia du gatazka hauek modu egoki batean bideratzen jakiteak, hezkuntza lanean ari delarik prozesu horretan ikasleak bitarteko egokiez hornitzeko. 
Lan honen hasieran aipatu nuen Elkarbizitza eta Adimen Emozionala behin eta berriz agertzen direla Gatazken Konponbidearen ondoan, bada, lana amaitzera noan honetan garbi ikusten dut zergatia. Hirurak batera doaz, gatazka baten aurrean emozioak ageri dira eta horiek ongi kudeatzea eta behar bezala besteen aurrean azaltzea beharrezkoa da. Bestetik elkarbizitza egoki batek bere baitan darama gatazken kudeaketa egokia eta guztiak, eskola giro atsegin batera eramango gaitu, ikaskuntza erraztuz.
            Aipatu nahiko nuke gatazken konponbidean irakasleak duen funtzioa, bere lana ez da gatazka agertzean hasten, aurretik ere lan egin beharra dago, txiki-txikitatik adimen emozionala landuz (emozioak identifikatu, izena jarri eta besteen aurrean hauen berri emanez) eta eskolako elkarbizitza zainduaz. Bestetik gatazka baten aurrean, nire garaitik hona gauzak asko aldatu dira, gatazka konpontzea ez da gertaera konkretu bati soluzioa momentuan ematea (lehen zigorra ezartzea edo errudun bat bilatzea zena), gatazka baten atzean zer egon litekeen, zergatia ikusten, hau da, argitara ateratzen saiatu behar da, baina irakaslea ezin liteke inolaz ere protagonista izan. Irakaslea prozesua bideratu eta elkar komunikatzera iristeko bitartekari bat da, medioak jarri behar ditu partaide ezberdinak lasai adierazi eta denen nahi eta interesak kontuan hartuz gatazkako protagonistak akordio batera irits daitezen (berak ez du hartuko azken erabaki edo akordioa).
            Amaitzeko esan, gatazkak konpondu baino eraldatzea dela bidea, gatazkekin bizi gara, gakoa, gatazka horiek nola bizi ditugun da. Denon nahi eta interesak betez, elkarbizitza egoki bat sustatzea da helburua.

1 comentario: