2.- Zein da Mirari irakasle ohiaren ibilbide profesionala?
Mirari Bengoetxea
1942ko Martxoaren 4an Billabonan jaio zen. Sei anai-arrebetatik laugarrena. Billabonako eskola munizipalera joan zen sei 6 urtetatik 14 urtetara, klasean 60 neska ziren eta irakasle batek ematen zieten klasea. 6 -14 urte bitarteko ikasle guztiei irakasle berak ematen zien klase. Tarteka irakasleak erregelarekin jotzen zietela dio, baina etxean ez zutela ezertxo ere esaten horri buruz, ala ere, Mirarik dio garai hartako irakasle izateko gauza asko eta asko irakatsi zizkiola, bai liburuetakoak eta baita liburuetatik kanpokoak ere. “El cara al sol “ eta horrelakoak eguneroko ogia zirela ere badio.
Hamar urte zituela, gelako biri (Mirari tartean), bere gurasoekin hitz egin nahi zutela esan zien, Mirarik zerbait gaizki egin zuelakoan beldurrez esan zien gurasoei irakasleak beraiekin hitz egin nahi zutela. Gurasoak irakaslearekin hitz egitetik etorri zirenean aitak Mirari magalean hartu eta honela esan zion:
-Irakasleak eskolako orduak amaitzen direnean bai zuri eta bai zure ikaskide bati klase partikularrak emateko prest dagoela esan digu, batxilergoa egitera joan zaitezten, ikasketetan aurrera egiteko hoberenak baitzarete.
Baina horretarako klase partikularrak ordaindu egin behar ziren eta Mirariren gurasoak ez zeuden prest etxeko andre izan behar zuen alabarengan diru guzti hori gastatzeko (mutil bat situazio horretan egon bazen dirua jarriko zutela esan zioten). Mirariren haserrea ikaragarria izan zen eta iruditzen zaio momentu honetatik bere barneko alaitasunaren zatitxo bat itzali egin zela.
13 urterekin, eskolatik ateratzen zenean tornileria batean lanean sartu zuten, eta behin 14 urterekin eta derrigorrezko heziketa amaiturik zuela, jornada osoan aritzen zen bertan lanean. Ez du esperientzia ona bezala gogoratzen bertan pasa zituen egunak, emakumezko gutxi baitziren bertan lana egiten zutenak eta inor ez zen bera bezain gaztea. Bertan lan egiten zuten gizonezkoen komentario eta begiradak ez ziren Mirariren gustukoak. Lanean hasi eta 8 hilabetetara tornileria herriz aldatzea erabaki zuten eta lantegia Hernanira eramatea erabaki zuten, baina bera oso gaztea zenez egunerokoan etxetik Hernanira eta Hernanitik etxera bueltatzeko, motor elektrikoak egiten zituzten lantegi batetara aldatu zuten gurasoek.
Lantegi berrian dena ezberdina zen, emakume gehiagok egiten baitzuen bertan lan eta gainera hauek elkarrekin aritu ohi ziren lanean. Hemen ezkondu zen arte aritu zen lanean (hau da 24 urte zituen arte). Behin ezkondurik Alegian jarri ziren bizitzen. 1968-1969.urteetan bere ikasteko gogoak bizirik ziraunez, Euskal Gramatika ikasten hasi zen Don Martin apaizarekin eta hori gutxi ez eta puerikulturako kurtso bat ere egin zuen “a distancia”.
1969. urtean Alegiako alkate zen Urbietak (eta beste jende baten laguntzaz), Alegiako udaletxeko areto bat utzi zuen bertan ikastola sor zedin (udaletxetik ez baitziren Frankoren ikuskariak pasatzen) eta denetarako jendea behar zenez, Mirari bertako ikasleen etxeetatik pasatzen zen kuotak ordain zitzaten. Berak proiektu horretan sinesten zuenez, parte hartu nahi izan zuen, betiko eskola baino aberasgarriagoa izango zenaren konfidantza bait zuen, Freineten metodologia aplikatzen saiatzen omen ziren irakasleak.
Mirarik irakaslegoarekin tratu handia edukitzera heldu zen eta honela 1974. urtean amatasun baja bat zela eta, eta postu hori titulatu batek ezin zuenez bete, postu hori betetzeko aukera izan zuen. Honela beste irakaslegoaren laguntzaz bi hilabete eta erdiz haur eskolako irakasle izan zen, nahiz eta horretarako titulaziorik ez izan. Esperientzia gustuko egin zitzaionez Tolosako ikastolako zuzendariarekin hitz egiteko konbentzitu zuten. Emeterio ikastolako zuzendariak haur eskolan praktikak egin zitzakeela esan zion (1975) eta hauek bukatu orduko bertan hasi zen lanean. Berarentzako oso esperientzia polita izan zen eta pixkanaka-pixkanaka lanean ari zen bitartean euskarako titulazioa ateratzen hasi zen eta baita gramatikako klaseetara joaten ere. Unibertsitateko sarrera proba ere gainditu behar izan zuen eta honela 1980. urtean, irakasle bezala lanean bi edo urte gehiago zeramatzaten irakasleentzat asteburuetan Bergarara joanez, magisteritzako titulua ateratzeko posibilitatea eman zieten. Horretarako Eskoriatzako Unibertsitateko irakasleak Bergarara inguratzen ziren. Mirari ilusioz gainezka joaten zen Bergarara eta han ematen ziren klaseak oso interesgarriak egiten zitzaizkion, oso praktikoak izan ohi zirelako. Ikasten ari zirena lanean aplikatzeko posibilitatea zutenez, esperientzia ezin positibotzat jotzen du etapa hau. Honela 1980-1983 urteetan magisteritza titulazioa ateratzea lortu zuen.
Klaseak ematen hasi zenetik titulazioa lortu eta gero arteko klaseak emateko era asko aldatu zen, hasieran irakasle titulatuek esandakoa aplikatzen zuen, eta behin berak bere titulazioa lortuta, ikasitakoa aplikatzen hasi zen. Horretarako irakasleen arteko lan taldea ezinbestekoa izan zela gogoratzen du.
Berak Billabonan jaso zuen lehen hezkuntzako metodologia zeharo aldatu zen, lehen irakaslea bazen zentro nagusia, orain bera irakasle zela, ikasleak ziren zentro eta helburu nagusi.
Uztailero uztailero normalean ikastaro batzuetara apuntatu ohi ziren, bat benetan aipagarria izan zela gogoratzen du, Imanol Urbietak emana. Honekin musika eta psikomotrizitatea uztartu zituzten, eta oso gai interesgarria izan zela dio (musika bidez nola irakatsi...), gainera gelan aplikatzeko ezinbestekoa. Hezkuntzarekin erlazionaturiko kurtso dezente ere egin zituzten baina hauek ez zituen haur eskolara oso zuzenduak ikusten. Beste kurtso interesgarri bat ere gogoan du, Gasteizen jaso zuen eta tratu txarrak jasan zituzten haurrak berreskuratzeari buruzkoa zen eta Tours-eko psikiatra batek eman zuen. Honek zioenez, haurrak jolas bidez zeuzkaten traumetatik berreskuratu zitezkeen, haurraren interes handiena garai horretan jolasa baita baina pausoak aurrera egiteko lehenengo haurraren konfiantza irabazi beharra dago. Kurtsoa oso interesgarri egin zitzaion eta gainera printzipio oso potenteak zituen, haur eskolan aplikatzeko modukoak.
Mirarik dio ikastolak beti aukerak eman dizkietela ikastaro guztietara apuntatzeko, honekin, haurrarengan inbertitzen zela uste baitzen.
Mirarik bere ibilbide profesionala oso aberasgarritzat jotzen du, hasierako nota baxutzat jotzen badu ere (hasierako kondizioak gogorrak izan baitziren), benetako irakasle sentitzeraino joan dela bere ibilbidea dio. Pozik sentitzen da eginiko ibilbidearekin eta ez luke ezertxo ere aldatuko, dena oso konstruktiboa izan dela iruditzen baitzaio. Gainera haurrak beti parte hartzen duten elementu gisa ikusi ditu eta gainera haurrek gozatu egiten zutela ikasgelan ikusten zuen, berak lan egin duen eremuan behintzat, hau da, haur hezkuntzan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario