jueves, 25 de noviembre de 2010

2.- Zer egin behar da hezkidetza lortzeko eskolan?

Duela hamarkada batzuk, neskak eta mutilak bereizita egotea ohikoena zen, emakumeak etxeko lan eta familiaren zainketara bideratuta eta mutilak, berriz, arlo publikoan lan postu bat izatera begira. Baina, garaiko emakumeen mugimenduaren lanari esker eta demokraziaren etorrerarekin, neskak eta mutilak gela berean elkarbizitzea ahalbideratu zen, horrela gizon eta emakumeen arteko berdintasuna berez lortuko zelakoan. Hala ere, hezkuntza mistoa (nahiz eta  hezkuntza bereizia eskaintzen zuten ikastetxeak egon) izan arren, berdintasuna lortzeko bide luzea gelditzen zen oraindik.

Gaur egun ere, bide horretan dihardugu, eta benetako berdintasuna lortzeko tresna garrantzitsuenetariko bat eskolan, hezkidetza sustatzea izango litzateke. Baina nola txertatu hezkidetza eskolan?

Benetako hezkidetza lortzeko eman beharreko urratsak aipatu aurretik, beharrezkoa da hezkidetzaren esanahia zein den argi izatea. Hezkidetza, elkarbizitzan gauzatutako, neska eta mutilentzako hezkuntza integrala da, berdintasuna lortzeko helburuarekin.
 
Hezkidetzarako gakoak
2003an argitara emandako Minimoen Taulan oinarrituta, Bilgune Feministak, Bea Ugarte, Maider Gonzalez eta Marije Apodakaren laguntzari esker, Hezkidetza gida kaleratu dute, sexu bereizkeria bazter batera uzteko eta haur eta gazteen hezkuntza garatzeko eta sustatzeko helburuarekin.
Ikasgeletan sexismoa non eta zertan agertzen den atzeman, eta hezitzaileek kontra egiteko prestatu nahi ditu. Gidak aintzakotzat hartzeko hamar atal nabarmendu ditu. Hona hemen atal bakoitzaren gako nagusiak.
(2008ko otsailaren 8an, Berria egunkarian argitaratutako)
Balio eta konpetentziak

Gizonezkoak etxetik kanpoko antolakuntzarekin lotzen dira kasurik gehienetan, politika, ekonomia eta kulturaren arlo gorenekin. Emakumeak, ordea, etxe barruko antolaketarekin, etxeko ekonomiaren kudeaketarekin eta haurren zainketarekin. Bi alorrak oso garrantzitsuak direnez, eta elkarren osagarri izan behar dutenez, hezkuntzaren bidez, bai neskei bai mutilei, erantzukizuna, eremu bietan, modu osoan garatzeko aukera eman behar zaie. Horretarako bideak jarri behar dituzte hezitzaileek.

Helburuak

Eskolan, helburuek, berdinak izan behar dute neska eta mutilentzat, eta pertsonaren garapen osoa izan behar dute ardatz. Ikasleek, halaber, ikaskuntza prozesuaren eragile eta motore izan behar dute. Gidan onartzen dute, neska eta mutilen sozializazio prozesuan aldeak daudenez, zenbaitetan estrategia ezberdinak erabili beharko direla biekin. Musika ikasteko orduan, adibidez, dantza egin behar bada, mutilen artean erresistentzia handiagoa izan daitekeela onartzen dute, eta taldeka bereiz daitezkeela, neskak eta mutilak. Ardatza, betiere, estereotipoak aztertu eta baztertzea izango da.

Edukiak

Egun, etxeko esparrua baztertuta edo gutxietsita geratzen delarik, eskolako edukietan ere sarritan emakumeak ez dira agertzen edo gutxiespena jasaten dute. Gutxitan agertzen dira, lantzen diren edukietan, emakumeen mundua eta haiek jakintzari egindako ekarpenak. Hezitzaileek ikasi behar dute aztertzen, emakumeak aldagai modura agertzen direnean, zer balio ematen zaien, eta estereotipatuta agertzen diren.

Metodologia

Irakasteko orduan erabiltzen den metodologiaren arabera, neska eta mutilen arteko parte-hartze desorekatua bultza daiteke. Ikastetxeetan erabiltzeko dinamikak eta teknikak aukeratzen direnean, parekidetasun ikuspegia txertatu behar da. Eroso sentitu behar dute neskek beren iritzi eta nahiak denen aurrean azaltzeko orduan. Horretarako, metodologia hezkidetzailearen bidez, ikasleen autoestimua eta autokonfiantza bultzatu behar dira, eta ikasleak harreman sozial eta komunikazio estrategietan trebatu behar dira.

Ikastetxearen antolaketa

Ikastetxeko hainbat arau eta protokolo arautu baztertzaileak izan daitezke. Gidan proposatzen dute, antolaketa sexista saiheste aldera, eskoletan, erabakiak hartzen diren guneetan, emakume eta gizonen kopurua proportzionala izatea, eta gurasoen bileretan, esaterako, aita eta amen presentzia eskatzea. Eskolako jardueretan, halaber, partaidetzari begira, nesken eta mutilen arteko desoreka balego, neurriak hartu behar dira partaidetza parekidea lortzeko. Desorekak jarduera askotan ager daitezke: kirol jardueretan, festetan, jolastokiaren erabileran...

Materiala

Eskoletan erabiltzen den materiala sexista izan daiteke; agerikoa da sexismo hori, esaterako, mutilen protagonismoa eta balorazioa neskena baino handiagoa denean, eta, zeharkakoa, materialaren erabileraren ondorioz, nesken aurkako jarduerak egiten direnean. Materiala aztertu, eta, beharrezkoa denean, aldatzeko aholkua ematen du gidak. Ikasliburuak, ikus-entzunezkoak, irudiak... Denak hezkidetzaren ikuspegitik aztertzeko deia egiten du.

Harremanak

Ikastetxe barruko harremanek ere hezkidetzaileek izan behar dute. Parekidetasunean oinarritutako harremanak bultzatzeko araudia garatu behar da, eta komunikatzeko irizpideak ondo finkatu behar dira. Entzuten irakatsi behar da, eta interbentzioak egiten, eta beste pertsonen lekuan jartzen, eta nork bere autoritate pertsonala erabiltzen. Gainerakoan, askotan taldeetan egoera deserosoak eta ezatseginak ikusten dira.

Hizkuntza

Hizkuntza ere sexista izaten da sarritan. Euskarak, hizkuntza gehienek bezala, hizkuntzaren erabilera sexista saihesteko hiztegia eta estrategiak dituela gogorarazten du gidak, eta hautu horien alde egin behar dela. Legegizon erabili beharrean, esaterako, legelari erabili behar da, edo abokatu. Hizkuntzan txertatutako sexismoa aztertzera bultzatu, eta hori gainditzeko estrategiak ematen dira gidan.

Espazioa eta denbora

Espazioa eta denbora ere baztertzaileak izan daitezke neskak eta mutilak hezteko orduan. Espazio fisikoak neskak baztertzen ditu, esaterako, eskolako espazioak mutilei zuzenduta daudenean. Adibidez, jolastokiak futbolerako antolatzen direnean, espazio horren erabilera mutilei zuzenduta dago, beraiek futbolean jokatzen dutelako nagusiki. Denbora ere baztertzailea da, esaterako, mutilak gelan neskak baino zalapartatsuago direnean,eta hezitzaileek mutilei arreta handiagoa jarri eta neskak bigarren planoan geratzen direnean. Espazio eta denboraren banaketa eta erabilera aztertu behar da, horietan agertzen den sexuen arteko hierarkia orekatze aldera.

Ebaluazioa

Ebaluazioak partaide bakoitzaren integraltasuna kontuan hartu eta balorazio sistema ez androzentrikoetan oinarritu behar du. Ebaluazioaren ardatza nork bere burua ebaluatzea izan behar du, eta, asmo horrekin, txikitatik prestatu behar dira ikasleak.


No hay comentarios:

Publicar un comentario